XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haserrearen haserrez, bere anai-arrebak madarikatzen jarraitu zuen, polizia, legegizon eta epaileak oro.

Are apaizen aurka ihardun zuen, nahiz eta bera betidanik elizazulo porrokatua izan.

Aitaren ahotik entzunda beste egoera batean txundituko zuten hitz haiek kezka bizia eragin zioten.

Argi zuen aita bere onetik irtenda zegoela.

Bere onera noizbait itzuliko ote zen ez ordea.

Ez zuen ikusi elektroshocka nola eman zioten, aita erizainen eskuetan utzi bezain laster, komuna non zegoen lotsagorrituta galdetu eta erakutsi zioten aldera abiatu baitzen ia korrika.

Handik irten zenerako, ez zuen aitaren arrastorik topatu.

Sarrerako erizainaz oroitu zen.

- Gora eraman dute.

Nahi baduzu aulki horietako batean eseri eta nik deituko dizut handik ateratzen dutenean lasaitu nahi izan zuen erizainak.

Hark esandakoa egin zuen, eseri eta mahaitxo baten gainean erreparatu Hola zahar bat hartu zuen.

Hain urduri egon izan ez balitz, barrez hasiko zatekeen Monakoko Carolinaren laranja larruazalarekiko hura irakurtzean.

Eufemismo polita.

Hartan zegoelarik, ama etorri zitzaion gogora.

Estu eta larri egonen zen etxean senarraren albisterik gabe.

- Barkatu berriro.

Nondik dei dezaket?

- Telefono bat duzu pasabide honen amaieran.

Txanponak beharko dituzu.

- Badauzkat, eskerrik asko.

Handia zen amaren ezinegona.

- Goiko pisura eraman dute esan zion.

Mediku batekin dago orain.

Trankil egon zaitez, ama, jakinaren gainean edukiko zaitut.

Gelako atea irekitakoan, haragi errearen usaina aditu uste izan zuen giroan.

- Ondo al zaude, aita?